XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HABE BERRIAK HABE ERAKUNDE AUTONOMO BIHURTU DA

Oraindik orain Eusko Legebiltzarrak HABEren Legea onartu du.

Lege honen arabera, HABE Helduen Euskalduntze eta Berreuskalduntzerako Erakundea erakunde autonomoa izango da aurrerantzean.

HABE orain dela bi urte sortu zen eta denbora honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kulturako Zerbitzu bezala funtzionatu du.

Hemendik aurrera, HABEren politika orokorra Patronatu batek gidatuko du.

Instituzio horretan honako pertsona hauek egongo dira: lehendakaria (Hezkuntza eta Kultura Sailburua edo beronek izendatutako pertsona), Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Idazkaria, Komunitate Autonomoko hiru Diputazioetatik ordezkari bana, Hezkuntza eta Kultura Saileko bi ordezkari, Euskaltzaindiko ordezkari bat, Herri Arduralaritzaren Euskal Ikaskuntza-Institutoko ordezkari bat, euskaltegi publikoetako hiru ordezkari eta HABEren Zuzendari Nagusia.

Azken honek ez du botorik izango.

HABEren organigraman, hurrengo figura Zuzendari Nagusiarena da.

Jaurlaritzak izendatuko du pertsona hau.

Zuzendari honek Kontseilu Akademikoa zuzenduko du.

Kontseilu honetan euskaltegien zuzendariak eta bestelako lan-taldeen arduradunak izango dira.

Erakunde honek proposamenak egingo dizkio Patronatuari.

Orain arte bezala, Glotodidaktikako Talde bat izango da.

Zerbitzu honek, besteak beste, honako eginkizun hauek izango ditu: metodo pedagogikoak aztertzea, irakaslegoaren prestakuntza burutzea eta euskaltegien programak koordinatzea.

BI EUSKALTEGI PRIBATU MOTA: HOMOLOGATUAK ETA LIBREAK

Euskaltegiak bi eratakoak izango dira: publikoak eta pribatuak.

HABEk sortutakoak eta Diputazioek eta Udalek sortutakoak izango dira publikoak.

Nortasun pribatuko pertsona fisiko edo juridikoek sortutakoak izango dira pribatuak.

Euskaltegi pribatuak, lege honen arabera, bi motatakoak izango dira: homologatuak eta libreak.

Behin homologatuz gero, zentruek azterketa ofizialak egiteko ahalmena izango dute.

Euskaltegi libreetako ikasleen azterketak euskaltegi publikoetako irakasleek egingo dituzte.

Hezkuntza eta Kultura Sailak diploma eta zertifikatuak ezarriko ditu euskalduntze eta alfabetatzearen maila guztietarako.

Gaurregun funtzionatzen ari diren euskaltegi pribatu guztiek homologazioa eskatzeko eskubidea izango dute.

Bestalde, orain arte bezala, dagozkien subentzio ofizialak jasoko dituzte.

Gaurregungo udal-euskaltegiak publiko bihurtzeko eskubidea arautuko da erregelamendu bidez aurrerantzean.

Halaber, euskaltegi pribatuak publiko bihurtzeko posibilitateak arautuko dira.

Eusko Legebiltzarra.

Gaurregungo udal-euskaltegiak eta euskaltegi pribatuak publiko bihurtzeko posibilitateak arautuko dira.